Euskarara itzulitako bestsellerrak: "The New York Times Best Seller List" zerrendan oinarritutako katalogoa eta azterketa (1990-2020)
Abstract
Hurrengo lanean azken 30 urteetan euskarara itzulitako bestsellerrak izango ditugu
aztergai. Bestseller fenomenoa Amerikako Estatu Batuetan sortu zen arren, mundu osoan
hedatu da jada gaur egun. Fenomeno nahiko berria dela kontuan izanik, informazio gutxi
daukagu euskarara itzulitako bestsellerren inguruan, eta, horregatik, lan honen bitartez,
aztertu nahi izan dugu zein den bestsellerraren posizioa euskal itzulpengintzaren baitan.
Horretarako, guk sortutako katalogoan oinarritu gara, eta katalogo horrek justifikatuko
ditu lan honen ondorioak.
Dena den, katalogoa sortu aurretik, oinarrizko kontzeptua argitu behar izan dugu:
bestsellerra. Fenomeno horren sorrera azaltzeaz ez ezik, liburu horien inguruan sortzen
diren oinarrizko zalantzak argitzen saiatu gara. Teorian eta sinpleki azalduta, bestsellerra
merkatuan salmenta handia duen liburua izan arren, asko dira fenomeno horren inguruan
sortzen diren zalantzak. Lehenengo atalean azaldu dugu zeren arabera lortzen duen liburu
batek bestseller izendapena eta zer duten komunean kategoria horretako liburuek.
Definizioaren atalarekin amaitzeko, bestsellerren kalitatearen auziari ere heldu diogu.
Katalogoa osatzen hasi aurretik, katalogo hori mugatuko duten parametroak zehaztu
behar izan ditugu, eta, horretarako, funtsezkoa izan da euskal itzulpengintzaren
testuingurua ezagutzea. Azken urteetako euskal itzulpengintzari buruzko datuei esker,
erabaki dugu zeintzuek izan behar zuten gure katalogoaren mugak, 1990-2020 bitarteko
haur eta gazte literatura, helduen literatura eta saiakera, hain zuzen ere.
Parametro horiek argi identifikatu ondoren, funtsezkoa izan da katalogoaren oinarria
izango den zerrenda bat ezartzea, eta, horretarako, The New York Timesen bestsellerren
zerrenda aukeratu dugu. Erabaki horren azalpena metodologiako atalean bildu dugu. Atal
horretan bertan eman dugu, halaber, katalogoa osatzeko jarraitu dugun prozesuaren berri.
Katalogoa osatu ondoren, euskarara itzulitako bestsellerren egoera aurkeztu dugu, betiere
gure katalogoko datuen bidez justifikatu duguna. Zehazki jakin izan nahi dugu
bestsellerren artean zein den gailentzen den generoa, zer idazle itzultzen den gehien eta
nortzuk diren bestsellerrak euskarara ekartzen dituzten itzultzaile eta argitaletxeak.
Jarraian datu horietatik atera ditugun ondorioak azaldu ditugu.
Lanaren azken atalean, eta aurretik jasotako datu guztiak kontuan hartuta, ondorio orokor
batzuk azaltzen saiatu gara. Bestseller fenomenoak hainbat arazori egin behar die aurre
gure literatur sistemaren baitan, besteak beste, arazo ekonomikoei zein irakurleen
aurreiritziei. Nolanahi ere, badirudi fenomeno honek baduela nolabaiteko presentzia
euskal literatur sisteman.