Irakiar antigoalen mugikortasuna Golkoko gerran. Schoyen Bildumako aramear kaiku magikoak
Laburpena
1995ean Londreseko Schoyen Bildumak 654 aramear kaiku magiko bere esku zituela
ezagutarazi zuen. Izan ere, artefaktu hauek urte horretan Londreseko College Unibertsitatean
(UCL) gordailutu zituen Martin Schoyen bildumagileak. Kaiku horiek ezagutzen zen lehen
aldia izan zen eta ez zuten aurkikuntza arkeologikoaren dokumentaziorik. Dena dela, nahiz
eta kaikuen jatorria ezkutatua izan nabaria liteke antigoal horien etorburua Irak izatea.
XX. mendearen azken hamarkadetan Irakeko Errepublikaren agintean Baath partidua zegoen
eta honek politika nazional indartsuak sustatu zituen ondorearen barrutian, antigoalak
azpiegitura zein lege aldetik babestuz. Baina 1990ean Iraken hasitako Golkoko gerrak irakiar
ondare kulturalaren legez kanpoko indusketa eta esportazio ugari eragin zituen. Batik bat,
gerrak eta Nazio Batuen bahimenduek testuinguru zaurgarria sortu zuten irakiar
ondarearentzako. Berez Iraken ekonomia kolapsatu egin zen eta antigoalen arpilatze eta
kontrabandoa nagusitu zen. Halatan, irakiar antigoalen mugikortasun internazionala Golkoko
gerraostean finkatu zen.
Beraz, Schoyen Bildumako kaikuen inportazio data hurretikoena 1995. urtea izanik, ziurrena
litzateke hauek Golkoko gerraren eraginez esportatuak izatea. Probabilitate honen arabera,
Norwegian Broadcasting Corporation (NRK) telebista dokumentalak Londresen zeuden 654
kaikuen jatorri ilegala salatu zuen. Horregatik, aramear kaikuen jatorria eta mugikortasunaren
historia ikertzeko, UCLk ikerketa batzorde bat abiatu zuen Martin Schoyen bildumagilearen
onespenarekin. Ikerlanak ondorioztatu zuen probabilitateen arabera kaikuak Golkoko gerra
bitarte edo ostean izango zirela klandestinoki induskatuak eta esportatuak, modu ilegalean
hortaz.
Lan honen xedea, aramear kaiku magikoen kasutik abiatuta Irakeko ondarearen legez
kanpoko mugikortasuna aztertzea da, indarrean zeuden lege nazional zein nazioartekoak
aztertuz eta hauek uzten dituzten hutsuneak ikertuz.