Iruñeko maqbararen aurkikuntza eta errelato historiografiko klasikoaren apurketa
Abstract
2003an Iruñeko Gazteluko Plazan egin zen indusketa arkeologiko batean, beste hainbat aztarnaren artean, nekropoli islamiko bat agertu zen. Aurkikuntza honek Iruñeko erresumari buruzko historiografia hankaz gora jarri zuen, argi utziz islamaren presentzia ordura arte uste zena baino askoz handiagoa izan zela. Honen aurrean, lan honek aurkikuntza hau bi ardatzen gainean testuinguratzea du helburu: alde batetik, historiografikoki, hots, nola hartu zuen historiografiak aurkikuntza; eta, bigarrenik, historikoki, aztertzeko zein eragin izan dezakeen aurkikuntza honek Iruñeko Goi Erdi Aroaren historia berridazteko.
Hari hau jarraituz, lehenik eta behin eta sarrera bezala, Iruñeko biztanleriak berriak jasotzerakoan izandako bi erantzun mota aurkezten dira. Alde batetik, eta bi komikiren bidez ilustratuta, publiko orokorraren erantzun ohikoena islatzea du helburu sarreraren lehen zati honek, gure gizartean islamiar erlijioaren inguruan dauden estereotipoak eta aurreiritziak argitara ateraz. Honi kontrajarriz, sarreraren bigarren zatian Gazteluko Plaza Plataformaren liburuan oinarritutako indusketa-prozesuaren kronologia bat eta honekin sortu ziren polemiken aurrean auzotar talde honek aurrera eraman zituen protesten isla egingo da, beti ere aztarna islamiarretan zentratu beharrean, gehiago iruñear ondarearen galeraren aurrean auzotarrek izandako erantzunean baino.
Honekin amaitzean, hurrengo atala lanaren mamia garatzeaz arduratuko da, hasieran aipatutako bi ildoei eutsiz. Lehenengo, aurkikuntzara arteko nafar historiografia klasikoaren pentsabide nagusiaren azterketa bat egingo da, argi uzteko zein testuingurutan heldu ziren nekropoli islamiar honen berriak, konparazioz argi uzten duena zein apurketa handia eragin zuenordura arteko Iruñeko erresumaren marko historikoan. Horretarako, nafar historiografia espainair historiografiarekin multzokatzen da atal honetan, XIX. eta XX. mendeetan biak eskutik zihoazelako ugaritan, eta biek diskurtso antzekoak aurkezten zituztelako, bereziki al-Andalusen inguruan hitz egiterako orduan.
Bigarren atala, berriz, testuinguru historiko deritzona da, eta hirugarren eta azken atalean azalduko den aurkikuntza azterketa kronologikoek zein garaitan kokatzen duten aurkeztea du xede, irakurleak hurrengo atalera heltzean ikuspegi osatuago bat izan dezan aztarnen garrantzia ulertzerakoan, eta jakin dezan al-Andalusek iraun zuen urte guztietan zehar noiz kokatzen den aurkikuntza. Izan ere, aurkikuntza arkeologiko bati buruz marko historikoan kokatu gabe irakurtzea emaitza argirik aterako ez dituen jarduera da.
Azkenik, lanaren azken atala Gazteluko Plazaren indusketaren txosten arkeologia aurkeztean datza, eta inguruko beste aurkikuntza batzuekin testuinguratuta aurkeztuko da, gertaera isolatu bat ez dela ulertzera eramateko. Lanaren atal honen helburua da datu objektiboago batzuk ematea, irakurleak testuinguratzearen ondoren emaitzak ikus ditzan eta egoerari buruz ondorio propioak atera ditzan. Izan ere, lan honek amaieran egilearen ondorio propio batzuk aurkeztuko baditu ere, helburu nagusia irakurlearengan galderak sortzea da, eta Iruñeko erresumaren historiari buruz dakiena dudan jartzea, orain arte nagusi izan den errelatoa dudan jartzeko gai izatea.