Nora joan ote dira adberbio guztiak?
View/ Open
Date
2022-03-08Author
Fernández Altonaga, Cecilia
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honetan, adberbio kategoriari buruzko gogoeta kritiko bat egin nahi izan
dut. Kategoria hau proposatzea zilegi ez dela aldarrikatu dut, eta adberbiotzat hartu
diren zenbait hitz motarentzat analisi alternatiboak proposatu ditut, gehienak
morfologiaren ikuspegi konstruktibista (Ramchand 2008) baten barruan.
Horretarako, adberbioei buruzko eztabaidan dauden oinarrizko zenbait arazo
labur aurkeztu ondoren, ingelesaren (Huddleston & Pullum 2002), gaztelaniaren
(Bosque & Demonte 1999, Nueva Gramática de la Lengua Española 2009) eta
euskararen (Euskaltzaindia 1991; Sareko Euskal Gramatika 2011–2019) gramatikak
aztertu ditut, eta bertan, adberbio labelpean zein hitz sailkatu den aztertu, testutik testura
erkatu eta kategoriaren zein definizio eman den argitzen saiatu naiz. Honi dagokionez,
definizio guztiek zailtasunak eta inkoherentziak dituztela erakutsi dut eta hori neurri
handi batean zor zaiola berez multzo bakarra osatzen ez duten hitzak multzo beraren
barruan definitu nahi izateari.
Honi aurre egiteko, euskarazko gramatiketan adberbiotzat sailkatu diren
hitzentzat bestelako analisi bat proposatzen saiatu naiz. Egiteko honetan, lau hitz-motari
begiratu diet: -ki atzizkiaren bidez sortutakoak (hertsiki, zehazki), adjektibo huts
itxurakoak (argi, argi hitz egin bezalakoetan), Posposizio Sintagma (PS) itxurakoak
(gainera, ustez) eta hitz bakun itxurakoak (gaur, aspaldi).
-Ki atzizkiaren bidezkoei dagokienez, askotan eratorpen bidez sortutako
adberbiotzat azaldu diren arren, lan honetan Bakerren (2003) eta Fábregasen (2007)
ildotik, prozesu sintaktikoen bidez sortutako hitzak direla proposatu dut. Egile hauen
analisietan, -ly/-mente/-ki elementua izenaren antzeko osagaia da, baina
erreferentzialtasuna falta duena. Adjektiboa, beraz, elementu hau modifikatzen dago,
harekin komunztatzen duen heinean, baina predikazioa perpauseko beste elementu batez
egiten du. Fábregasek (2007) -mente atzizkiarentzat proposatu zuen bezala, neuk ere -ki
atzizkiarentzat proposatu dut Numero tasuna erkatu dezakeen tasun-matrizea dela.
Hartara, harekin batera doan adjektiboak, Numero tasuna -ki-rekin asetzen du, baina
Atribuzio tasuna erkatu gabe izango du eta hura erkatzeko, aditzaren edo perpausaren
eremuaren barneko elementuak (ebentuak, hizketa moduak, besteak beste)
modifikatzera joko du. Ikusten denez, Teoria Minismalista onetsi dut tasun
erkaketarako.
Adjektibo huts itxurako modifikatzaileei dagokienez, Fábregas & Alexeyenko (2016) eta Agirre (2017) hartu ditut oinarri. Fábregas & Alexeyenkok (2016)
gaztelaniarako egin bezala, neuk ere euskaraz, bi modifikatzaile mota bereizi beharko
liratekeela proposatu dut: bigarren mailako predikatu modura jokatzen duten
adjektiboak eta adjektibo aldaezin modura jokatzen dutenak. Azken hauek -ki bidez
sortutako hitzen egitura bera dute, eta -ki morfemaren ordez, zero-morfema bat dutela
proposatu dut nik. Horregatik, -ki hitzak eta zero-morfemadunak alternantzia askean
ager daitezke. Bigarren mailako predikatu gisa jokatzen duten adjektiboek, aldiz,
banaketa osagarria erakusten dute -ki bidez sortutako hitzekiko.
Azkenik, PS itxurako hitzentzat zein gaur bezalakoentzat, PStzat hartu beharko
genituzkeela proposatu dut. Huddlston & Pullumek (2002) erakutsi zuten arren
honelakoak, ingelesez, Determinatzaile Sintagmak izan daitezkeela, euskaraz PStzat
hartu behar direlakoan nago. Izan ere, euskaraz PSekin alternantzian agertzen baitira
beti, eta ez dute hauengandik bereizten dituen inolako ezaugarri edo jokabide berezirik.