Gaixotasun onkologikoak pairatzen dituzten haurren bizi kalitatea hobetzeko osasun-hezkuntza programa
View/ Open
Date
2022-07-26Author
Moreno Besada, Maider
Metadata
Show full item recordAbstract
Sarrera: Zelula osasuntsuen eraldaketak eta hauen kontrolik gabeko hazkuntzak minbizia sortzen du. Minbiziari aurre egiteko tratamenduek,zehazki, kimioterapiak eta erradioterapiak, bigarren mailako efektu asko dakarte umearengan, bide batez, ospitalizazio beharra sortuz. Hartaz, haurraren bizitzak aldaketa asko jasaten ditu. Gainera, 6-10 urteko umeak garapen fasean egonik, honen haustura eragiten du; haurraren bizi-kalitatea osatzen duten 4 arloak (fisikoa, psikoemozionala, soziala eta eskolakoa) kaltetuz. Beraz, Osasun-Hezkuntza programa (OHezP) hau sortu da, haurren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko helburuarekin.
Helburua: OSI Donostialdean gaixotasun onkologikoak pairatzeagatik ingresatuta dauden 6-10 urte bitarteko haurren bizi-kalitatea hobetzeko Osasun-Hezkuntza Programa bat diseinatzea.
Metodologia: Osasun heziketa programaren PIO galderari erantzunez eta barneratze eta kanporatze irizpideak jarraituta, bilaketa bibliografikoa datu-baseetan, web-orri desberdinetan eta liburuetan egin da. Proiektuaren egitura eta programazioa egiteko aldiz, “Gral eskuliburua” eta eredu ezberdinak hartu dira erreferentzia moduan.
Plangintza: OHezP-aren diseinuan haurren bizi-kalitatea neurtzen duen PedsQL eskala hartu da erreferentziatzat, lau arlotan osatutakoa: arlo fisikoa, psikoemozionala, soziala eta eskolakoa. Hauekin batera, Minbiziaren nondik-norakoak deritzon arloa ere jorratuko du. Beraz, progama 5 saioetan landuko diren 5 gai-multzotan banatuko da. Metodologia pedagogikoari dagokionez, programa hau partaideen parte hartze aktiboan oinarritzen da, adingabea prozesu osoaren elementu nagusia izanik. Ebaluazioa, hiru zatitan banatuko da: emaitzen, prozeduraren eta egituren eta baliabideen ebaluaketa egingo baita.
Ekarpen pertsonala: Arlo zientifikoari zuzendutako haur-minbiziaren inguruko informazio ugari dagoen arren, ez daude haurrei zuzendutako Osasun-Hezkuntza programik eskuragai. Hauen beharra nabaria da haurrari arlo ezberdinetan eta zuzenki eragiten diolako gaixotasunak. Erizaintzak zainketa holistikoa helburu izanik, programa honek haurraren bizi-kalitatearen arlo guztiak hartzen ditu barne. Zentzu honetan, erizainak paper garrantzitsua jokatzen du hezitzaile moduan, talde multidisziplinarraren lanarekin batera.
Hitz gakoak: minbizia, 6-10 urteko haurra, bizi-kalitatea, osasun heziketa programa.