Oxitozinaren erabilera antsietate sozialaren tratamenduan: errebisio sistematikoa
Abstract
Oxitozina enpatiarekin eta gaitasun sozialekin lotu ohi den neurohormona da, eta hainbat
gaixotasun psikiatrikoren tratamendurako erabilgarria izan daitekeela dirudi: autismoa,
eskizofrenia edo depresioa, besteak beste. Lan honetan, antsietate soziala duten
pertsonetan terapeutikoki erabilgarria den aztertu da. Antsietate edo fobia soziala, hitzak
berak dioen bezala, egoera sozialekiko beldurra sorrarazten duen nahasmendua da, eta
patologiaren izaera bera da oxitozina aukera terapeutiko gisa mahaigainean jartzera
bultzatzen duena. Izan ere, gaitz bereziki ezaguna izan ez arren, munduko biztanleriaren
%4k pairatzen du bizitzako momenturen batean, eta egungo tratamendu psikologiko zein
farmakologikoak huts egiten du gaixoen %60-70n. Baina, usteak alde batera utzita, benetan
frogatuta al dago oxitozinaren eraginkortasuna fobia soziala tratatzeko? Galdera horri
erantzuteko ahaleginak egin dira jarraian aurkezturiko lanean. Xede horri jarraiki, errebisio
sistematiko bat burutu da, era sistematizatu batean hautaturiko hainbat entsegu klinikotako
informazioa bildu eta balorazio kritiko bat egiteko asmoz. Errebisio sistematiko honetan 9
entsegutako informazioa barnebildu da, eta euretan lorturiko emaitzak aurkeztu dira.
Emaitzen azterketa kritiko bat egin ostean, eta bildutako informazioa bereziki urria dela
kontuan izanik, onartu beharra dago, gaur egun behintzat, ezinezkoa dela oxitozina
tratamendu terapeutiko gisa aurkeztea antsietate soziala duten pertsonentzat.