dc.description.abstract | Espezie exotiko inbaditzaileak mundu mailako biodibertsitate galeraren erantzuleetako bat bihurtu dira. Horien artean, azken urteetan penintsularen iparraldean hedatzen doan Vespa velutina liztor beltza aurkitzen da; jatorriz asiarra, penintsulara 2010. urtean heldu zen eta Arabara 2012. urtean. Klima faboragarria, bizi-zikloa garatzeko eremu aproposak, harrapari eza edota elikagai eskuragarritasuna hedatze oparoaren erantzuleak izan dira. Zabaltze horren aurrean, erakunde ezberdinak biztanlegoaren laguntzaz liztor honen kontrol lanetan ari dira, habia primario zein sekundarioak kenduz, bai eta erreginen udaberriko tranpeoa aurrera eramanez.
Honako lan honetan, 2012-2021 urteren artean liztor asiatikoaren kontrolerako neurri horien analisia egin da, Arabako Aldundiak jasotako datuak abiapuntu izanda. Analizatutako datuon arabera, inbasioaren hedapena azkarra izan da 2018. urtean goia jo zuen arte, eta gaur egun inbasioa egonkortuta dagoela esan daiteke. Azken urteari dagokionez (2021), erregina tranpeoan urte arrakastatsuena izan da (tranpa gehiago ere erabili dira), nahiz eta habien aldetik ez den ugariena izan. Kokapenari dagokionez, isurialde atlantikoko bailara eta hiriguneek dituzte populazio handienak, lurraldearen gainontzeko zonaldeetan sakabanatuagoak agertzen direlarik. Bestalde, hedadura-tasa txikituz joan da 2015. urtetik aurrera eta urte horretatik aurrera eremu hiritartuekiko preferentzia handituz joan da.
Amaitzeko, liztorraren hedapenean izozteak eta ur-eskuragarritasuna (batez ere udaberrian) identifikatu dira aldagai baldintzatzaile nagusi bezala. Aurrerantzean aldaketa klimatikoak baldintza horietan eragin ditzakeen perturbazioak kontuan izan beharko dira, liztorrak Arabako lurraldean duen habitat potentzialean aldaketak egon daitezkeelako, eta hori kudeaketa estrategiaren diseinuan kontuan hartu beharreko ezarpena da. Horregatik guztiagatik, berebizikoa da ondorengo urteetan datu bilketarekin eta datuon analisi eta monitorizazioarekin jarraitzea. | es_ES |