dc.description.abstract | [EUS] Gradu amaierako lan honetan, ahozkoaren didaktikaren ikuspegitik euskararen irakaskuntzaren eremuan ahozko hizkuntzaren didaktikak dituen berezko erronkak identifikatzez gain, zehazki, euskararen erronka espezifiko eta bereizgarriak zein diren erreparatzea izango da helburua. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumak ahozkoaren lanketari buruz ezartzen duenetik abiatuko gara, ikusiz, ahozko hizkuntzaren irakaskuntza helburu eta eduki berariazkoa izateaz gain, hezkuntza-sistemaren erronkatzat ere jotzen dela. Curriculumean jasotzen diren ahozkoaren irakaskuntzaren hainbat osagaien izaera zein haien irakaskuntza moduak argitze aldera, euskarazko ahozkoaren ikerketaren eremura joko dugu ondoren; hauek emango digute eta ahozkoa irakasteak dituen erronkak hobeto ulertu eta sakontzeko modua. Ikusiko da, ahozkoaren irakaskuntzak euskara bezalako hizkuntza gutxituen irakaskuntzan duen garrantzia erabatekoa dela, eta ahozkoa lantzeak eskolari berezko eskaria egiten dion arren, euskararen ikaskuntzan helburu gakoa izango da euskal hiztun aktiboak heztea, hau da, ahozko erabilera sustatzea. Ikusiko dugu ahozkoaren gaitasuna garatzeaz gain guztiz beharrezkoa dela testuinguru soziolinguistikoa aintzat hartu eta horren araberako hezkuntza esku-hartze didaktikoak egitea. Horren haritik esan dezakegu ahozkoa lantzean dimentsio soziologikoak aintzat hartzera behartua dagoela euskararen irakaskuntza ahozkoaren arloan (Idiazabal, Manterola & Diaz de Gereñu, 2015). Ondoren, euskaraz ahozkoaren didaktikaren esparruan aztertutakoaren artean, debatearen irakaskuntzaren ikerketaren eremura igaroko gara; aurrerago ikusiko den bezala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan debatea argudio testu gisa lantzea eskatzen baita curriculumean. Bereziki interakzionismo sozio-diskurtsiboaren ildotik jardun duten ikerlanak dira lan honetan aintzat hartuko ditugunak, testu-generoa ahozko hizkuntzaren didaktikarako tresna nagusi bezala darabiltzatenak, alegia; beti ere, ahozko testua irakasgarri egiteko ahaleginean, mintzaira-jardueraren gauzapen unitate gisa hartuta. Lan honen bitartez ondorioztatu dugu ahozkoak beste edozein irakaskuntzaobjektu bezala helburu zehatz eta osagai deskribagarriak dituen arren, badituela aintzat hartu beharreko bestelako erronka erantsiak, beronen irakaskuntzan eragiten dutenak. Hala nola, komunikazioaren gauzapen unitate gisa testu bezala eraikitzeko dituen zailtasunak hor dira, baina euskarazko ahozkoaren irakaskuntzaren ikerketen arloan badira baliabide didaktiko fidagarriak erabiliz eta testu-generoaren inguruan osatzen diren eskuhartze didaktikoak landuz aurrera egiteko jorratutako lanak eta esperientzia didaktikoak. | |