dc.description.abstract | Aurrean daukagun lanean autore epiko ezagunenari buruz arituko gara: Homero.
Homerok mendebaldeko literatura oso bati hastapena eman zion eta, nola ez, haren
olerkiei buruz interpretazio ugari egin izan dira historia osoan zehar. Aztertzeko hainbeste
elementu dituen olerki hauetan heroi homerikoarengan arreta jartzea suertatu zaigu
oraingo honetan.
Heroi homeriko nagusia Akiles daukagu hemen, horregatik erreferentzia gehienak
Iliadatik hartuko dira. Hala ere, lan honetarako Odisea ere kontuan hartu izan da Odiseo
ere heroi homeriko esanguratsua baita. Olerki hauen interpretazio tradizionaletik abiatuta
harago doan ikuspuntu bat azalduko da. Horretarako, olerkietan agertzen den gizarteari
dagokionez, hedatuen izan den interpretazio sozio-politikoa azalduko da, ondoren hau
ezbaian jartzeko. Interpretazio tradizionalarekin jarraituz, kondairetan heroi homerikoak
betetzen duen paperaz ere arituko gara, eta interpretazio horren zilegitasunari buruz
hausnartuko dugu. Heroien funtzio soziala eta betebeharrak jainkoekin estuki lotuta
daudela dio tradizio literarioak, baina lanean aurrera egin ahala uste hori kolokan geratuko
da.
Heroi homerikoarekiko interpretazio tradizionala azaldu ondoren, honek, subjektu
politizatua den heinean, duen jarrera hausnarkorrari eta subjektibotasunari buruz arituko
gara. Adieraziko den moduan, ezin da lan literario bat bere koiuntura politiko eta
sozialetik at interpretatu eta aztertu. Pertsonaien subjektibotasunak egoeren aurrean
erabaki pertsonalak hartzeko gaitasuna ahalbidetzen du; eta hori da, hain zuzen, azalduko
dena. Subjektibotasun hau estuki lotuta agertuko da heroien eta jainkoen arteko
harremanarekin. Tradizioaren interpretazioak dioenaren kontrara, lanean pertsonaien
autonomia defendatuko da, jainkoen zeregina bigarren maila batean kokatuz. Heroien
subjektibotasunak iritzi propioak garatzeko gaitasuna eskaintzen dio heroiari, modu
horretan jainkoen mesedetatik at jokatzeko aukera eskainiz.
Esandakoaren adibide zehatzak eman ondoren, aipatutako koiuntura sozio-
politikoan sakonduko da jarraian, polisek izan zuten garrantzia nabarmenduz. Beraz, Aro
Mizenikoan existitzen ziren oikosak Aro Arkaikoan indarra hartzen hasiak ziren polisekin
alderatuko dira. Polis hauen baitan gizabanakoek eztabaidarako gaitasunak eskuratzen
dituzte, eta bertako egitura sozialak hauek subjektu politikoak bilakatzen ditu. Ezaugarri
hauekin, pertsonaiek eztabaiden aurrean subjektibitate hausnarkor bat garatzen dute,
izaera autonomoa duena (interes komun batzuei erantzuten dien besteen
pentsamoldeareriko independentea dena). Beraz, Homerok olerkietan islatutako
kolektibitateak hartuko du garrantzia, hau polisen ezaugarri nagusia baita. Kolektibitate
honek eztabaidetarako, eta hortaz, argudiaketarako baldintzak eskaintzen ditu,
asanbladen testuinguruan, adibidez. Beraz, polisak dakarren egitura sozial kolektiboak
heroi homerikoaren pentsamoldean eragin zuzen bat du, bere izaera eta jarrera zehazten
duena | |