Hizkuntza-aniztasuna eta elebitasuna afasiologian: 2015-2019 bitarteko artikulu zientifikoak aztergai
Laburpena
Afasiologiaren ikerketak erakutsi du hizkuntza-arazoak ez direla berdin
gauzatzen hizkuntzatik hizkuntzara, eta afasiadun elebidunen kasuan, hizkuntza kalteak
eta berreskurapena modu ezberdinetara gerta litezkeela elebitasun motaren arabera.
Honenbestez, afasiaren ikerketan beharrezkoa da, batetik, hizkuntza-aniztasuna jasotzea
sintomen oinarrian dagoen kaltearen izaera ulertzeko eta, bestetik, elebidunengan
hizkuntza guztiak ebaluatzea, kaltea ez dadin oharkabean pasa. Hala ere, Beveridge eta
Bak-ek (2011) egindako berrikusketa lan batean erakutsi zuten afasiaren ikerketa oso
hizkuntza gutxitako afasiadunen datuetan oinarritzen zela (aztertutako lanen % 62
ingeles hiztunei buruzkoa izan zen eta % 8 baino gutxiago zen hizkuntza
ez-indoeuroparretako hiztunei buruzkoa) eta ia ez zirela afasiadun elebidunen datuak
biltzen ikerketetan (lanen % 3,97 zen afasiadun elebidunei buruzkoa).
Gradu amaierako lan honetan, Beveridge eta Bakek (2011) burututako
literaturaren berrikusketari jarraipena eman nahi izan zaio, lan berriagoen lagina
abiapuntu hartuta. Hain zuzen, afasiaren inguruko nazioarteko literaturan 2015-2019
bitarteko bosturtekoan hizkuntza-aniztasunak eta elebitasunak zein presentzia duten
aztertu nahi izan da.
Helburu horrekin, 161 artikuluko lagina hautatu da, nazioartean
erreferentziazkoa den Scopus datu-basea baliatuz, eta lan horien artean afasiadunen
inguruko 110 lan enpirikoak aztertu dira. Hain zuzen, azterketarako honako adierazle
hauei erreparatu zaie: hizkuntza-aniztasuna, elebitasuna eta ebaluazioa egiteko
baliatutako tresnak.
Emaitzek erakutsi dute, batetik, hizkuntza-aniztasunari dagokionez, ingeles
hiztunak ebaluatu direla lanen % 64an eta % 88,8an hizkuntza indoeuroparretako
hiztunak. Bestetik, afasiadun elebidunen azterketari erreparatuz, ikusi da lanen % 4,5ean
soilik ebaluatu direla afasiadun baten hizkuntza bat baino gehiago. Hirugarrenik,
elebidunen hizkuntza bat baino gehiago ebaluatu diren lan guztietan galdetu da
afasiadunaren hizkuntza historiaren berri. Azkenik, ebaluazio moduari dagokionez,
aztertutako lan gehienek (% 92,7) baliatu dute tresna estandarizaturen bat afasiadunen
ebaluazio formala burutzeko.
Hortaz, hizkuntza-aniztasunari dagokionez, 2000 eta 2009 urteen arteko joera
berari eutsi zaio eta tipologikoki oso gertukoak diren hizkuntzetako datuak aztertzera
mugatu da afasiari buruzko ikerketa azken urteetan ere. Honek afasiaren oinarrian
dauden arazoen izaeraren ezagutza partziala dakar, afasiaren sintomatologia aldakorra
izan baitaiteke hizkuntzatik hizkuntzara. Bestalde, elebidunen azterketari dagokionez
ere, Beveridge eta Bakek (2011) erakutsitako ehunekotik gertu mantendu da literatura
berriagoan afasiadunen ikerketak erakutsi duen ehunekoa. Ehuneko hau bereziki txikia
da kontuan hartuta, batetik, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago dela elebiduna
eta, bestetik, elebitasunak inplikazioak dituela afasiak eragindako arazoen
nolakotasunean zein berreskurapenean. Hirugarrenik, afasiadun elebidunen hainbat
hizkuntza aztertzean haien hizkuntza historia arakatzea orokortuta dagoela ikusi da. Eta,
azkenik, ebaluazio moduari dagokionez, aztertutako lan gehienek (% 92,7) baliatu dute
tresna estandarizaturen bat afasiadunen ebaluazio formala burutzeko, baina ezin ahaztu
gehienak hizkuntza handietan egindakoak direla.
Honenbestez, 2015-2019 arteko berrikusketa lan honek erakutsi du Beveridge
eta Bakek (2011) ikusitako joerei eutsi zaiela hizkuntza-aniztasunari eta elebidunen
azterketari dagokionez nazioarteko afasiaren ikerketan. Honen aurrean, komenigarria
litzateke aurrera begira afasiaren ikerketa hizkuntza gehiagotara zabaltzea eta afasiadun
elebidunen azterketek indarra hartzea.