dc.description.abstract | Izenak sortzeko eratorbidean —bereziki, egile eta langile izenetan eta izen-abstraktugileetan— XVIII. mendeko literatur gipuzkeraren garapenak izan zuen eragina aztertu nahi izan dugu hemen, hizkuntza jasoagoa lantzeko bidean eratorpenak duen garrantzia, Larramendiren HH-ak (1745) ezarritako mugarria gogoan. Haren aurreko eta ondorengo lanak aztertu nahi izan ditugu horretarrako: aspalditik ezaguna den Ubillosen dotrina (1785), eta berrikitan ezagutu den Pomier hiztegia eta Lubietarena (1728). Gómez-Lópezek eta Zulaikak egindako edizioan (2020), 1745 aurretik kokatu zuten Pomierrena, baina bai hipotesi hori eta baita aurkakoa ere —1745 eta 1808 artekoa ote den— aztertu dugu amaieran, Lakarrak (2022) egindako oharren ildotik.
Horretarako, literatur hizkuntzen historiari buruzko ikuspegia zehaztu dugu, Lakarra (1997) lanetik abiatuaz, eta Urgellen (2018) eta Mitxelenaren (FLV 1989) lanak erabiliaz garaia eta corpusa kokatzeko. Aztertutako laginetako atzizkiei buruzko datu orokorrak eman ditugu lehen, eta -tasun, -keria, -(t)ari, -tzaile / -le eta -gile / -gin atzizkietan jarri dugu arreta. Horien emankortasuna, laginetako lehen lekukotasunak, literatur hizkuntzaren eragina eta atzizkien modernotasuna aztertu ditugu bereziki. Hori guztia aurrez alorraz egindako ikerketekin osatzen saiatu gara, batez ere, Sarasolaren (1997), Urgellen (2003) eta Bueno Berridiren (2006) ikerketak aintzat hartuaz. Amaitzeko, atzizkiz atzizki, egitura nagusiak ikertu ditugu: zein onarriren gainean eraiki diren hitzak, mailegatuen tokia ere berariaz aztertuz, eta zenbait aldaeraren alternantziak. Eranskin modura, erabilitako funtsezko datuak zerrendatu ditugu, atzizkika eta aldaeraka banatuta, lehen lekukotasunak, Hegoaldeko lehen agerraldiak eta aurrez erabiliak direnak bereiziz. Hegoaldeko lehen agerraldien kasuan, aurrekari dituzten Iparraldeko autoreak aipatzean, Ubillosek, Lubietak eta Pomier hiztegiaren egileak eskura izan ezin zitzaketen lanak markatu ditugu. Gogoeta honek amaieran planteatutako hipotesia jorratzea erraztu digu; alegia, Pomier hiztegiaren eta Larramendiren HH-ren arteko harremana ikertu eta kontrako hurbilketa (HH > Pomier) azalpen emankorragotzat aurkeztea. | es_ES |