Literatur generoaren gatazka, metafikzioa eta testuartekotasuna Unai Elorriagaren "Iturrian"
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Natxiondo Etxebarria, Paul
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen xedea Unai Elorriagaren Iturria (Susa, 2019) lanean nonahi diren
metaliteratura zein testuartekotasun baliabideak aztertzea izango da, baina batez ere
obraren generoari erreparatuko zaio. Izan ere, Elorriagak ipuingintza landu du
lehenbizikoz lan honetan eta Short Story Cycle motako liburu bat ondu du.
Hori aztergai izanik, analisi literarioarekin hasi aurretik sarrera teoriko bat egingo
da. Lehenik eta behin, ipuin laburren zikloaren inguruko teorizazioan zein beronen
ezaugarrietan sakonduko da, bereziki zikloaren barneko ipuin laburrak harilkatzen
dituzten elementuetan arreta jarriz. Era berean, metaliteraturaren eta testuartekotasunaren
inguruko argibideak ere eskainiko dira. Ondoren, bigarren azpiatalean, ipuin laburren
zikloak euskal literaturan duen presentziaz zertzelada batzuk emango dira; euskal
kritikagintzan generoaren gatazka zertan datzan aipatzeaz gain, euskaraz idatzi diren
ziklo batzuk zerrendatuz eta tarte berezia eskainiz Atxagaren Obabakoaki.
Lanaren hirugarren atalean, Iturriaren analisi literarioari ekingo zaio. Atalarekin
hasteko, Unai Elorriagaren eta liburuaren oinarrizko aurkezpena zein paratestuak
eskaintzen duen informazioa bilduko dira. Jarraian, Iturria ipuin laburren ziklo bezala
aztertuko da eta, horretarako, ipuinak elkarrekin lotzen dituzten batasun elementuak
banan-banan aztertuko dira; hots, marko narratiboa, gaia, espazioa eta denbora,
pertsonaiak eta girotzea. Ezaugarri horien errepikapenak liburua ziklo gisa irakurtzea
ahalbidetzen du eta batasuna ematen dio lanari, ipuinak beregainak izan arren batasun
handiago baten parte baitira.
Genero auziari erreparatu ostean Iturria liburuko alderdi metaliterarioa aztertzeari
ekingo zaio, literatura erdigunean baitago liburu osoan zehar. Izan ere, protagonisten
ipuinen gaineko solasaldi literarioak dira liburuaren ardatz nagusietako bat. Ondorioz, eta
metaliteraturak testuartekotasunarekin duen harreman estuagatik, testuartekotasun
erreferentzia asko agertuko dira, eta hori izango da azterketaren azken ikergaia. Atal
horretan, testuartekotasun esplizitua zein inplizitua aztertuko dira eta erreferentzia horiek
zein marko narratiboak erdigunean jartzen duten Ekialdeko Europa izango da hizpide.
Azkenik, lanarekin amaitzeko, ikerketatik ateratako ondorioak aletuko dira.