Soraluzeko leku-izen hautatuak
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Basauri Alberdi, Jon
Metadata
Show full item recordAbstract
Gradu Amaierako lan hau toponimiazko lana da, eta Soraluzeko leku-izenak ditu
aztergai. Aurrez bildu dudan datu-base zabal bat oinarri hartuta, nire asmoa izan da
toponimo batzuk hautatzea eta aztertzea, esanguratsu iruditu zaizkidanak, eta horien
analisi xehea egitea. Azterketa horrek aukera eman digu toponimiak eskaintzen dituen
hainbat alderditan sakontzeko: etimologian, dokumentazioan, lexikologia dialektalean,
etab.
Lan hau bost ataletan dago banatua. Lehenengo atalean (§1) sarrera bat egin
dugu, gaiaren nondik norakoak zehazteko. Lana egiteko erabili dugun datu-basea noiz
eta nola egina dagoen azaldu dugu, zertarako erabili den eta etorkizunean zertarako
erabili nahiko genukeen. Gure lanaren oinarrian dauden toponimoen hautaketa egiteko
zein erizpide erabili dugun zehaztu dugu eta hautatu toponimoen zein alderdi hartu
dugun kontuan analisia egiterako orduan. Jarraian (§2), corpusa eta iturriak aurkeztu
ditut: zein artxibotan begiratu dudan, landa eremuko lekukoei egindako elkarrizketak
nolakoak izan diren, zein zailtasun izan dugun eginbide hortan etabar. Kontuan har bedi
hainbat toponimoren lekukotasunak galduak daudela, urtean-urtean gehiago galtzen
direla eta izen asko artxiboetatik baizik ezin izan ditudala jaso.
Ondokoa da lan honen muina biltzen duen atala (§3): bertan, toponimo hautatu
batzuk eman ditugu, guztiak eredu jakin baten arabera antolatuak (toponimoaren ohiko
forma, iturriak, lekukoengandik jasotako forma eta analisia). Toponimook biltzeko eta
lan horien gaineko azterketa aurkezteko, eredu gisa Euskaltzaindiaren Onomasticon
Vasconiae bildumako zenbait lan hartu dugu eredu gisa.
Toponimoen hautaketa ezinbestean subjektiboa izan da, baina, hala ere, irizpide
nagusi jakin baten arabera jokatu dut: leku-izenaren analisiak zerbait esanguratsua behar
du izan dela alderdi dokumentaletik dela etimologiko zein lexikologikotik. Lanaren
aurreko bertsio batean 100 toponimoren analisia landu genuen, baina, aintzat hartuta
gehiegizko neurria hartzen zutela, 75 toponimoren azterketara murriztu behar izan dugu
hautaketa hau.
Azkenik, ondorioen atalean (§4), toponimoen analisitik lortu ditugun
aurrerapenak laburbildu ditut: zenbait kasutan, gaur egun erabat ilunak diren
toponimoen osaera argitu dugu; beste toponimo batzuek, berriz, balio izan digute
zenbait aldaera dialektalen gorabeherak aztertzeko, etab.