Erditu ondorengo depresioa saihesteko erizaintza-zainketak
View/ Open
Date
2023-06-22Author
Azpiazu Balerdi, Uxue
Metadata
Show full item recordAbstract
Erditu ondorengo depresioa erdiondoan sortzen diren osasun arazo garrantzitsuenen artean kokatzen da, bere prebalentzia altua eta emakume eta haurrarengan sortzen dituen ondorio negatibo eta larriak direla-eta. Horregatik, gaitz honen lehen mailako prebentzioa egitea garrantzitsua da; eta honetan, erizainek funtsezko eginkizuna daukate. Gaur egungo prebentzio-terapia gehienak ez farmakologikoak dira, baina, hauen eraginkortasuna ez dago argi. Helburuak: lanaren helburu nagusia emakumeen erditu ondorengo depresioa saihesteko erizaintza-zainketa eraginkorrak identifikatzea da. Metodologia: berrikuspen narratibo honetan, lehenik, ikerketa-galderatik abiatuta PIO/PICO egitura formulatu da. Ondoren, hitz gakoak eta beraiekin lotutako deskriptoreak aurkitu dira. Gero, PIO/PICO egiturako atal ezberdinak operadore boolearrekin konbinatu dira, bilaketa estrategia sortuz, eta hau datu-base ezberdinetan txertatu da. Halaber, bilaketan ateratako emaitzei iragazkiak eta barneratze- eta baztertze-irizpideak aplikatu zaizkie. Bukatzeko, hautatutako artikulu guztiei irakurketa kritikoa egin zaie eta Haynes-en piramidea erabiliz ebidentzia-maila zehaztu da. Emaitzak: erditu ondorengo depresioa saihesteko erizaintza-zainketak hiru multzotan sailkatu dira, eta ondoren, hauen eraginkortasuna aztertu da. Batetik, interbentzio psikosozialak daude: bizi-estiloan oinarrituriko guraso izateko prestakuntzaren heziketa, depresioari buruzko heziketa, “mindfulness”-ean oinarrituriko heziketa, erdiondoko erizain eta emaginen etxeetako bisita intentsiboak eta interbentzio telemedikoak. Bestetik, interbentzio psikologikoak daude: psikoterapia interpertsonala, terapia kognitibo-konduktuala, pertsonarengan fokuratzean oinarrituriko psikoterapia eta konponbideetan zentraturiko aholkularitza. Eta bukatzeko, beste mota batzuetako interbentzioak daude: ariketa fisikoa, edoskitzea eta erditzean derrigortze informala saihestea. Eztabaida: interbentzio ezberdinen inguruan iritzi eta emaitza kontrajarri asko dago. Izan ere, ikerketa bakoitzean ezberdinak dira interbentzioaren emate-unea, populazioa, emakume-kopurua, iraupena, edukia, emailea eta eraginkortasuna; hau da, ez daude bateratuta. Ondorioak: interbentzioak onuragarriak dira erdiondoko depresioa saiheste aldera, baina, hauen eraginkortasuna zalantzan dago; beraz, eskala handiagoko ikerketa gehiago behar dira. Horrez gain, interbentzioak emateko moduen inguruan dauden iritzi kontrajarriak direla-eta, irizpideak bateratzearen beharra dago. Azkenik, gaitz honen prebentziorako multidiziplinarki jardutea esperantzagarria izan liteke.
Hizkuntza: euskera.