Erditze-prozesuan emakumea uretan murgiltzeak minaren maneiuan duen eragina
Abstract
Azken urteetan, erditze esperientzia positiboa bilatzeko bidean, arreta handia
jarri da erditzean mina arintzearen garrantzian. Ura metodo ez-farmakologiko bezala gero
eta gehiago erabiltzen da. Lortu nahi diren helburuen artean mina arintzea eta erditzean
emakumearen autonomia eta ongizatea areagotzeko analgesia epiduralaren ordezko
neurriak aurkitzen dira. Hala ere, dilatazio-prozesuan eraginkortasuna eta segurtasuna
frogatuta daudela dirudien arren, kezka agertzen da kanporatze-fasearen erabilerarako.
Helburua: lanaren helburu nagusia da, erditze-prozesuan dagoen emakumea uretan
murgiltzeak minaren maneiuan duen eraginkortasuna aztertzea eta ezagutzea.
Metodologia: lan hau berrikuspen bibliografiko bat da. PIO egitura zehaztu ondoren,
bilaketa bibliografikoa egiteko deskriptoreak aukeratu dira, eta bilaketa datu-base nahiz
web-orrialdeetan eta emagintzan oinarriturik dagoen aldizkarian egin da. Irakurketa
kritikoari esker, artikuluen ebaluazioa gauzatu da CASPe (Critical Appraisal Skills
Programme Español) txantiloien bidez eta Haynes piramideaz baliatuz dokumentuen
ebidentzia maila ziurtatu da.
Emaitzak: uretan erditzeak erditze-prozesuaren aurrerabidea errazten du. Gainera,
flotagarritasun-efektua dela eta mugikortasuna errazten da, horrek minaren pertzepzioa
hobetu eta erditze-lanaren aurrerapena arindu dezake. Horrez gain, dilatazio-aldian
bereziki, ur beroaren erabilerak analgesiaren erabilera murrizten du. Erditze-prozesuan
zehar opioideen erabilera eta narkotikoen beharra murrizten da uraren erabilerarekin.
Eztabaida: nahiz eta emaitza gehienak adierazten duten erditze-prozesuan uretan
murgiltzeak mina gutxitzen duela, badira ikerketak minaren murrizketarik gertatu ez dela
aztertu dutenak. Gainera ospitaleetan analgesiakoen erabilera gutxitzen dela frogatu bada
ere, komunitatean oinarritutako uretako erditzeek nahitaez izango lituzkete analgesikoen
modalitate horiek eskuratzeko erronkak.
Ondorioak: uretan murgilduta tenperatura doitzeko ahalmenak eta mugitzeko
erretasunak emakumeen estresa gutxitzen duenez minaren murrizketa gertatzen da,
erditze fisiologikoa bermatuz, kontrako gertaera baten arriskua handitu gabe eta
epiduralak eta opioideek sartutako arriskurik gabe. Gehiago aztertu beharko litzateke
uretan murgilduta hirugarren fasea gertatzearen eta haurrondokoa botatzearen inguruan.