Balioan Oinarritutako Medikuntza. Nola hobetu pazientearen esperientzia Iktus Unitatean
Abstract
[EU] Medikuntza gizarteak osatzen du eta medikuntzak gizartearen aldaketekin batera egin
behar du aurrera. XXI. mendeko medikuntzak lehen ez bezalako kezkak ditu eta kezka
horien aurrean proposatu den Balioan Oinarritutako Medikuntza (BOM) aztertzen da
lan honetan. Medikuntza-praktika horretan ebidentzia maila gorena eta pazienteentzat
garrantzitsuak diren emaitzak kontuan hartzen dira eta, horiek, kostuarekin konparatu.
Azken batean, orain arte eskainitako arreta-medikoan pazienteen ikuspuntua
txertatzeko modu bat da.
Lan honen helburua Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitatean hilabeteko
epean egon diren paziente eta senideen esperientzia-balioa aztertzea da eta, ondoren,
Unitatea hobetzeko proposamenak egitea. Bi arrazoirengatik aukeratu da Iktus
Unitatea esperientzia aztertzeko. Alde batetik, iktusa norberaren biografian mugarria
den gertaera da eta horren inguruan izandako bizipenak bereziki garrantzitsuak izango
dira istripu baskularra jasaten dutenen bizitzan. Bestetik, Iktus Unitatea iktusa
izandako lehendabiziko ordu zailetako zainketa erdi-intentsiboa eskaintzen duen
Neurologia zerbitzuko sekzio espezializatua da.
Esperientzia aztertzeko Diseinu-Pentsamendu edo Desing Thinking metodoa erabili da
oinarritzat eta hilabete bateko tartean Iktus Unitatean izandako 35 kasu jarraitu dira.
Esperientzia galdera gidatuen bidez aztertu da. Osotara 23 elkarrizketa egin dira
paziente eta senideekin, 5 soilik pazienteekin eta 2 soilik senideekin. Ondoren,
jasotako erantzunen interpretazioa egin da eta Iktus Unitateko pazienteen esperientzia mapa diseinatu da