Hizkuntza gutxituen estandarizazio prozesuak: euskararen eta galizieraren kasuak hizpide
View/ Open
Date
2024-05-06Author
Carril Sánchez, Xabier
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Euskara batuak berrogeita hamabost urte bete dituen honetan, inoiz baino biziago
dago euskararen estandarizazioaren afera, eta hortik dator, hain zuzen ere, lan hau. Euskara
hizkuntza gutxitua izanik, hala aztertzen da lan honetan beronen estandarizazio prozesua,
galizierazko aldaera estandarraren eraikuntza ere hizpide izanik. Prozesuok zein berezitasun
dituzten aztertzea da helburua, horretarako, estandarizazioaren eta honekin loturiko zenbait
kontzepturen azalpen bat dator lehenik. Ondoren, esanguratsu diren zenbait ezaugarri hartzen
dira aintzat: literatur tradizioa eta honetan jardundako idazleek egindako ekarpenak,
estandarizazio prozesuan jazotako eztabaidak edo gorabeherak, adostasuna edo adostasun eza
eta horrek egunera arte eragindako bide bateratu zein bereiziak eta, azkenik, hiztun berriek
aldaera estandarrarekiko duten iritzia aipatzen da, horietan aurki baitaitezke aldaera
estandarraren erabilerarekin lotutako “autoritate” edo “autentikotasun” bezalako hainbat
kontzeptu esanguratsu.
Lan honen xedea, azken batean, estandarizazio prozesuetan, eta, bereziki, hizkuntza
gutxituen estandarizazioetan, eragina izan dezaketen faktoreak azaleratzea, eta, azkenik,
euskararen eta galizieraren kasuen arteko erkaketa edo ondorioztatzea egitea. Ahalik eta
ondorioztatze leial eta fidagarrienak egiteko, estandarizazioan aditu diren hainbat egileren
hitzak hartu dira ardatz, esaterako, Haugen (1987) edota Kloss (1967), eta horien bueltan
eraiki da lan hau. Bestetik, zuzenean hizkuntza gutxituen estandarizazioaz mintzo diren
zenbait hizkuntzalariren hitz hartu dira oinarri, Lenguas minoritarias en Europa y
estandarización (2018) lanean D’Andrés Díaz-ek edo Fernández Rei-k utzitako hitzak
adibidez. Horretarako, estandarizazioaren inguruan teorizatu dutenez gain, euskararen zein
galizieraren kasuei berariaz heldu dieten egileen esanak ere dakartza lan honek (Zuazo
(2005); Carvalho (1974)).
Hizpide diren bi hizkuntza gutxituen estandarizazioen ezaugarriak edo berezitasunak
eta bi prozesuen arteko aldeak eta antzekotasunak dira azken emaitza gisa agertzen dena, beti
ere, hizkuntza bietan alderdi berdinei erreparaturik, alderaketa ahalik eta egiantzekoena izatea
baita helburua; izan ere, badira biek ala biek partekatzen dituzten ezaugarriak, baina bata
bestetik aldentzen duen ezaugarririk ere bada. Ondorioz, aztergai diren bi hizkuntzetan
errepikatzen diren fenomenoak daudela esan daiteke, eta horiexek, desberdintasunek
bezalaxe, beren estandarizazio prozesuan eragina dutela ere ondoriozta daiteke