dc.description.abstract | [EU] Ariketa fisikoan oinarritutako programa ezberdinak Parkinson Gaixotasuna (PG) duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko gai direla zehaztu dute ikerketa ezberdinek. Indar entrenamendua (IE) azken urteetan gero eta gehiago ikertzen ari den tratamendua bada ere, oraindik ez dago garbi ariketa fisiko mota honek eragiten dituen onurak zeintzuk diren. Hori dela eta, errebisio honen helburua indar entrenamenduak Parkinson gaixoen ahalmen funtzionalean, martxa abiaduran, orekan, erorketetan, egoera kognitiboan eta oro har, bizi-kalitatean duen eragina aztertzea izango da. Era berean, IE beste ariketa fisiko motekin alderatuko da.
Bilaketa bibliografikoa PubMed datu basean burutu zen 2022ko abendutik 2023ko otsailaren 20a bitartean, ausazko zein ez-ausazko entsegu klinikoak bilatu zirelarik. Hurrengoak izan ziren entseguen ezaugarriak: gizakiekin eginiko ikerketak izatea, azken hamar urteetan argitaratuak, ingeleraz edo espainolez argitaratuak, aztertutako gaixoen lagina Hoehn eta Yahr I-IV estadioetan kokatzea eta indar entrenamendu indibidualizatu eta progresiboa burutzea. Ikerketen kalitate metodologikoa PEDro eskala bidez sailkatu zen.
Errebisio bibliografikoan 15 ikerketa barneratu ziren, guztira, 887 pertsonako lagina ikertu zelarik. Ikerketa hauetan deskribatutako emaitzen arabera, ahalmen aerobikoan eta erorketen prebentzioan onura esanguratsuak deskribatu baziren ere, aztertutako gainontzeko aldagaietan emaitza kontrajarriak lortu ziren ikerketa guztietan. Hala ere, beste interbentzioekin alderatuz, soilik Mindfulness Yoga burutzen zuen gaixoen talde batek lortu zituen IE taldeak baino emaitza nabarmenki hobeak. Aipatzekoa da bestalde, atxikidura maila oso onak lortzen dituen interbentzioa dela indar entrenamendua.
Ikerketa honek muga ezberdinak aurkitu ditu, hala nola, interbentzio protokoloen estandarizazio falta, interbentzioaren eragina epe laburrean soilik aztertzen zela, aldagaiak aztertzeko test edo eskala ezberdin asko erabili zirela eta entseguak kulturalki oso ezberdinak diren herrialdeetan burutu zirela. Interbentzio mota hau gehiago ikertu behar bada ere, Parkinson gaixoentzako nahiko segurua den entrenamendu mota bat da eta beste ariketa fisiko mota batzuekin konbinatu ahalko litzateke efektu onuragarrien sinergia bat lortzeko helburuarekin. | es_ES |