dc.description.abstract | Sarrera: Osasunaren Mundu Erakundeak minbiziak sortutako heriotzak hainbat faktore
saihesgarrik eragindakoak direla dio; esaterako, sedentarismoak. Gaur egungo
bizimodua gero eta sedentarioagoa da, eta azken urteetako ebidentziak erakutsi du
sedentarismoa uste baino minbizia mota gehiagorekin dagoela lotuta. Gainera, eserita
emandako denbora, arrisku-faktore bat izan daitekeela ikusi da, baina lotura hau
minbizia mota gutxirekin izan da ikertua. Bestalde, erizainek rol garrantzitsua izan
dezakete denbora hau murrizteko esku-hartzeak burutzen.
Helburua: eserita emandako denborak minbizia garatzeko arriskuan duen eragina
aztertzea.
Metodologia: berrikuspen bibliografikoa egin da PubMed, Biblioteca Virtual de la
Salud, Dialnet eta Cochrane datu-baseetan. Bilaketa mugatzeko iragazkiak, eta
barneratze- eta kanporatze-irizpideak erabili dira. Lana osatzeko informazioa
web-orrien bitartez lortu da.
Emaitzak: alde batetik, eserita emandako denborak hainbat minbizia mota garatzeko
duen arriskua zehazteko 32 artikulu aurkitu dira. Hauetatik 21ek lotura erakutsi dute
eserita emandako denbora luzearen eta minbizia izateko arrisku handiagoaren artean.
Beste 11 ikerketetan, aldiz, loturarik ez dagoela ikusi dute. Bestetik, 4 artikulu topatu
dira eserita emandako denbora murrizteko egindako programen eraginkortasuna
aztertzeko. Horietatik bi artikuluk lanean egindako esku-hartzeen eragina aztertzen dute,
eta beste bi artikuluk, berriz, lanetik kanpo burututako esku-hartzeak.
Eztabaida: nahiz eta hainbat ikerketetan minbizia mota batzuen eta eserita pasatako
denbora luzearen arteko lotura aztertua izan den, beste minbizia mota batzuetan oraindik
ere ikerketa falta dago. Denbora hau murrizteko esku-hartzeei dagokienez ere, ikerketa
gutxi egin dira hauen eraginkortasuna aztertzeko; beraz, ikerketa gehiago behar dira
hemen ere.
Ondorioak: hainbat minbizia motatan ikerketa gehienek erakutsi dute eserita pasatako
denbora luzeak minbizia garatzeko arrisku handiagoa eragin dezakeela (bularreko,
kolon-ondesteko eta obulutegiko minbizietan). Beste hainbatetan, aldiz, oraindik ere
lotura hau aztertzen duten artikulu gutxi topatu dira (prostatako, biriketako,
endometrioko, pankreako, urdaileko eta maskuriko minbizietan, eta neoplasia eta
leuzemia mieloideetan). Horrez gain, gomendagarria litzateke etorkizuneko
ikerketa-lerroak eserita emandako denbora murrizteko interbentzio eta erizainen rola
aztertzera bideratzea. | es_ES |