Gaztelaniatik euskararako poesia-itzulpena: "Corramos libres ahora" poesia-bildumaren itzulpena eta bere analisia
View/ Open
Date
2017-11-21Author
Sarasua Garcia, Ibai
Metadata
Show full item recordAbstract
Itzulgai orotan zailenetarikotzat jo izan dira poesiak sarri, beren ezaugarrien berezitasuna dela eta. Hala izanagatik, poesia ez da itzulezina, eta horren erakusgai da beste hainbat kulturatako poesiak gure hizkuntzan irakurri ahal izateko aukera. Lan honek itzulpen mota horri heltzen dio, eta gaztelaniatik euskararako poesia itzulpena du gai nagusi. Rosamaría Roffiel autore mexikar lesbianaren Corramos libres ahora poesia-liburu intimista itzultzea izan du helburu, eta, poesia-itzulpenaren inguruan adituek egindako hausnarketatik abiatuta, zenbait irizpide ezartzen ditu itzulpen-prozesua bidera dezaten. Itzultze hutsaz harago, itzulgaiaren ezaugarri nagusien analisia egiten du lan honek, eta baita itzultze-prozesuan sortutako arazo eta zailtasun aipagarrienen azterketa ere. Atal horien xedea da, alde batetik, itzulgai jakin horren itzulpen-jardunak ekarriko dituen zailtasunen aurreikuspena egitea, eta, bestetik, prozesu horretan topatutako oztopo handienak identifikatu eta sailkatzea, arazo guzti-guztiak banan-banan aztertzeko ezintasuna dela eta.
Horrela, bada, gaztelaniatik euskararako poesia-itzulpenak ekar ditzakeen erronken eta zailtasunen tratamenduaren adibide praktiko bat eskaintzen du lanak, azken horiek gainditzeko aurkitutako irtenbideen adibide zenbait aztertzen baitira ahal bezain xehetasun handienez. Bertako arazo eta adibideak gaztelaniatik euskararako poesia-itzulpen orotara zabaldu ez daitezkeen arren, poesia itzultzean sor daitezkeen arazoen ugaritasunaren eta aniztasunaren erakusgarri gisa balio du lan honek.
Era berean, itzulgaia eta itzulpena alboz albo aurkezten ditu, itzulpen-jardunean galdutako eta eraldatutako elementuak begi-bistan gera daitezen, eta ikusgai gera dadin itzultzaileak jatorrizko testuaren zentzu eta estetika xede-hizkuntzara zer nola ekarri dituen. Hain zuzen ere, itzultzailearen esku baitago gaztelaniazko jatorrizkoaren baliabide literarioek euskarazko xede-hizkuntzan izango duten isla, eta isla horren egokitasuna epaitzeko bide egokia ematen du alboz alboko konparaketa horrek.
Hortaz, lan honek modu analitikoan aztertzen ditu, alde batetik, Corramos libres ahora itzulgaia, eta bestetik, egileak egindako itzulpena; eta baita batetik besterako itzulpen-prozesua ere. Poesia-itzulpenaren adibide praktiko izateaz gain, beraz, poesia-itzulpenaren prozesua aztertzeko parada ere ematen du lan honek, itzultzaileak itzulgaia esku artean hartzen duenetik egindako itzulpenaren ahuluneak eta indarguneak aztertzen dituen arteko prozesua agertzen baita bertan.