Historiaurreko klimaren berreraikitzea: kantauriar erlaitzeko klima oszilazioak glaziar berantean eta Holozenoaren hasieran
View/ Open
Date
2020-11-20Author
Lersundi Diz, Gorka
Metadata
Show full item recordAbstract
Ikerketaren ildo nagusia klimaren berreraikitzearen bitartez Goi Pleistozenoaren amaieran eta Holozenoaren hasieran gertaturiko klima oszilazioak islatzea izan da, eta horiek garaiko giza taldeetan izan zezaketen eragina aztertzea.
Aipatu, gaur egun oraindik ikerketaren etengabeko berrikuspenaren menpe dagoen gaia dela. Metodologia ezberdinen garapenenak kontutan hartzekoak dira klimaren berreraikitzeetan, izan ere, horiek aldatzen doazen heinean ikerketak ere horien arabera joan dira moldatzen, besteak beste, datazio-teknika berrien ekarpenekin. Zentzu horretan, ipar hemisferioko datuak nolabait Kantauriar erlaitzeko datuekin kontrastatzen dira eta eremu bakoitzean klimak izandako gorabehera ezberdinen garapena ikusi ahal izan da.
MIS 2-aren zati handi bat hartzen duen Glaziar berant guztian zehar klimak izandako garapena ezberdina izan zen eremu geografikoaren arabera, eta glaziarrek, florak eta faunak modu ezberdinean erantzun zioten aldaketei. Hala ere, aipaturiko aldagaietan oszilazioek sarritan aldiberekotasunak izan zituzten. Kantauriar erlaitzean garaturiko glaziarrek erakutsi dute Europa iparraldeko glaziarrek baino garapen goiztiarragoa izan zutela, hala nola 50.000-30.000 BP artean. Ostera, ikerketa poliniko eta antrakologikoen bitartez eginiko azterketen arabera, glaziar berantaren hasiera klima hotzeko espezieen hedapenarekin izan zuen lotura, hots, iparraldean azterturiko lakuetatik ateratako datu polinikoen antzeko joera erakutsi zuten. Hala ere, iparraldeko guneetan ez bezala, Kantauriar erlaitzean glaziar berant guztian zehar bi fase hotz eta horien artean fase epel bat atzeman ahal izan dira, baina aipatu, fase hotzak izan arren hezeak izan zirela eta espezie hostoerorkor askoren biziraupena ahalbidetu zutela ikerketa gunean aurkitzen diren haran ezberdinek. Faunaren gainean egin diren ikerketak ugariak izan dira, baina klima aldaketen aurrean sentikorrenak besteak beste, mikrougaztunak dira. Glaziar berantaren hasieratik Holozenoaren hasierara, estadio eta estadio-arteek eragindako gorabeherekin, basoko espezieen nagusigoa gertatu zen.
Goi Paleolito amaierako eta Holozenoaren hasierako klima aldaketek Magdalen Aldi eta Azil Aldietako giza-taldeetan biziraupen estrategien eraldaketa ekarri zuten. Horiek, fauna handien aztarnetan gizakiak eginiko markekin aurkituriko hezurren zenbaketa eta tipologiak ezarriz atera dira.