dc.description.abstract | Lan honen helburu nagusia emakumezkoen hizkera aztertzea da; horretarako Joakin
Altzibar Jauregik 1772an idatzitako Grand Tour izeneko antzerki obra izan dut oinarri
nagusi. Izan ere, antzerki obra horretan emakumezko hiru pertsonaia ageri dira eta hori
dela eta, Joakin Altzibarrek emakumezkoen hizkera nolabait islatu zuelakoan, pertsonaia
horien hizkeran hainbat hizkuntza-ezaugarri bilatu, aztertu eta neurtu ditut eskura dagoen
bibliografia eredu izanik.
Emakumezkoen hizkeraren azterketa hizkuntzan oinarriturik oraindik hasikinetan dago
euskal hizkuntzalaritzan, nahiz Blanca Urgellek abiatu zuen 2019an lehenbizikoz euskal
emakumezko idazleen bilaketa eta emakumezkoen mintzoaren bilaketa euskal testuetan.
Alabaina, munduan barrena jarriz begirada alor hau aztertuxeago dagoela ikus daiteke;
horren aitzindari genuke Robin Lakoffen 1973ko lana, zeina lan honen analisirako eredu
eta gida nagusia izan den. Lakoff (1973) lanaren ildotik beste hainbat ikerketa egin dituzte
munduko hizkuntzalariek, eta horretarako ahozko hizkera islatzen duten testu eta
grabazioak hartu dituzte lagin gisa.
Ahozko hizkera nola edo hala islatzen duten testu-generoen artean antzerkigintza
ikerlerro honetarako baliabide erabilgarria da, besteak beste, ahoz antzeztuko den obra
bat izanik, idazleak ahozko eguneroko hizkera, edo behintzat hortik nahikoa gertu dagoen
hizkera eredu bat islatzeko ahalegina egiten duelako. Euskaraz antzerkigintza hizkuntza
tradizio handiekin alderatuz berandu garatu bazen ere, XVIII. mendeko hiru antzerki obra
iritsi zaizkigu: lan honen oinarri den Grand Tour antzerki obra, Muniberen Borracho
Burlado eta Barrutiaren Acto para la nochebuena (Gabonetako Ikuskizuna). .
Grand Tour antzerki obrako emakumezkoen hizkeraren analisia aztergai duen lan
honetarako, beraz, Muniberen eta Barrutiaren antzerki obrak erabili ditut erkaketa txiki
bat eginez, kontuan izanik bi hauetan emakumezkoez gain gizonezkoak ere agertzen
direla. Hala ere, beste baliabide batzuk ere izan ditut eskura, besteak beste, OEH eta
Klasikoen Gordailua. Analisiari dagokionez, bost hizkuntza ezaugarri garatu ditut:
partikula betegarriak eta interjekzioak, kalifikatzaileak, txikigarriak, erlijioarekin
lotutako esamoldeak eta galdera erretorikoak.
Alabaina, euskaraz ildo honetan aurretik lanik egin ez izanak zailtasunak sortu dizkit;
bestalde, laginak berak ere mugak dituela ikusi dut, Grand Tour obran hiru emakumezko
ageri baitira, baina gizonezko pertsonaia bakar bat ere ez. Bestalde, ahozko generoa den
arren antzerkigintza, erlatiboki baino ez du islatzen ahozko eguneroko hizkera. Gainera,
gizonezko batek idatziriko obra izanik, eta barregura sortu nahiz egindakoa, baliteke
emakumezkoen hizkera islatzen saiatu nahian, hizkera bera desitxuratu edota fidelki
islatu ez izana. | es_ES |