Terapia fotodinamikoa gainazaleko kartzinoma basozelularraren tratamenduan: 2009tik 2019ra egindako atzera begirako azterketa
Ikusi/ Ireki
Data
2022-01-11Egilea
Txopitea Elorriaga, Leire
Laburpena
[EU]Sarrera: Gainazaleko kartzinoma basozelularra (gKBZ) hazkuntza geldoko baina lokalki erasokorra den azaleko minbizi ez-melanoma da. Terapia fotodinamikoa (TFD) gKBZaren tratamendurako onartuta dagoen prozedura terapeutiko ez-inbaditzailea da. //
Helburua: 2009ko urritik 2019ko urrira Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko (GUO) ohiko praktika klinikoan TFDak gKBZaren tratamenduan izandako eraginkortasuna deskribatzea, atzera begirako behaketa bidezko ikerketaren bidez. //
Material eta metodoak: TFDarekin tratatutako gKBZek azaldutako erantzun klinikoaren deskribapenean oinarritu da ikerketa. Pazienteek jasotako bi sesioetan Metvix® eta Ameluz® erabili dira fotosentikortzaile gisa, eta 3 orduko inkubazio-aldiaren ostean, argiztapenerako Aktilite® argi-gorrizko LED lanpara erabili da. Aztertutako aldagai nagusiak sexua, adina, TFDaren aurretik bestelako tratamendurik hartu izana, lesioen kokapena, lesioen tamaina eta erabilitako fotosentikortzaile mota izan dira. TFDaren eraginkortasuna lesioen erabateko erantzun totalaren portzentaian eta errezidiba portzentaian oinarritu da. Amaitzeko, lortutako emaitzak literaturarekin konparatu dira. //
Emaitzak: Guztira 111 pazienteen 121 gKBZ bildu dira. Pazienteen % 58,7 emakumezkoak izan dira eta adinaren mediana 66,0 [56,0;78,0] urtekoa. Lesioen lokalizazio ohikoena enborra izan da. Terapiari erantzun dioten lesio totalen portzentaia % 71,9koa izan da eta errezidiba portzentaia % 18,3koa. Errezidiba arriskuarekin gehien inplikatutako aldagaiak gizonezkoa izatea (p=0,035) eta lesio tamaina handiagoa izana (p=0,026) izan dira, estatistikoki esanguratsuak direlarik. Bestalde, adinak (p=0,778), TFDaren aurretik bestelako tratamendurik hartu izanak (p=0,721), lesioen kokapenak (p=0,431) eta erabilitako fotosentikortzaile motak (p=0,318) ez dute errezidiban eragin. //
Ondorioak: GUOko ohiko praktika klinikoan TFDak gKBZaren tratamendurako prozedura eraginkora dela erakutsi du, erabateko erantzuna izan duten lesioen totala % 71,9koa izanik. Emaitzak gainjarriak dirudite literatura medikoan deskribatutakoekin, TFD lehen aukerako tratamendua dela frogatuz.