dc.description.abstract | Euskaraz zenbatzaile zehaztuei -na atzizkia erantsiz sortzen dira banatzaile edo
distributiboak deritzogun zenbatzaileak (Alberdi et al. 2018).
Banakariak ez dira hizkuntza guztietan agertzen eta horretaz gain, gramatika
baldintza batzuk bete behar dituzte. Hori dela eta, ikuspuntu linguistikotik ikergai bereziki
interesgarria da.
Lan honen helburua bikoitza da. Alde batetik, gaztelera eta euskara erkatu eta
euskal banatzaileen zilegitze baldintzak aurkeztuko ditugu. Beste aldetik, euskaraz
zenbatzaile banakariak badaude ere, beraien erabilera gero eta txikiagoa da. Lan honen
bigarren helburua, beraz, zenbatzaile banakarien gaur egungo erabilera aztertzea da.
Horretarako, Iker laborategian garatutako Norantz proiektuaz baliatuko gara, eta proiektu
honen bidez banakariei buruz bildutako datuak aztertuko ditugu, Iparraldeko euskaran
zenbatzaile hauen erabileraren nondik norakoak aztertzeko asmoz. Irudi orokorragoa
osatzeko asmoarekin, nire kabuz Hegoaldeko Arrasate eta Aretxabaleta (Gipuzkoa)
herrietan bildutako datuak ere aztertuko ditugu. Izan ere, lagina txikia bada ere, abiapuntu
bat eskaintzen digu Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaran egon daitezkeen aldeak
aztertzeko. Lanean zehar aztertuko diren egiturak ezberdinak direnez, ikerketa honek
aukera ematen du egiturazko baldintzek erabileran izan ditzaketen eragina ere aztertzeko.
Horretarako, lan hau bi atal nagusitan banatu dugu. Lehenengo atalean, banakariak
zer diren eta nola sortzen diren azalduko dugu eta hauen propietateak zeintzuk diren
zehaztuko dugu. Honekin batera, banakariak agertzen dituen eta euskararen auzo-hizkuntza
den hizkuntza batekin konparaketa laburra egin dugu, zehazki euskal banakariak
gaztelerazko sendos banakariarekin erkatuko ditugu. Izan ere, hizkuntza hauek ezaugarri
linguistiko ezberdinak izan arren, euskaraz banakarien zilegitze baldintzak zeintzuk diren
1
Eskerrak eman nahi nizkioke lan honetan tutore gisa izan dudan Myriam Uribe-Etxebarriari. Batetik, gai
erakargarri hau proposatzeagatik eta, bestetik, lana aurrera eramateko lagundu didan guztiagatik.
2
argitzen lagundu digu gaztelaniaz banakariek nola funtzionatzen duten aztertzeak,
euskararen kasuan banakariei buruz egin diren lan gehienak oso deskriptiboak izan baitira.
Lanaren bigarren atalean, ekarpen txiki bat egin nahi izan dugu ikerketaren
ikuspuntutik. Horretarako, oraindik aztertu gabe dauden Norantz proiektuak bildutako
banakarien datuetan oinarrituz, ikerketa txiki bat aurkeztuko dugu gaur egun Iparraldeko
hiztunek banakariak nola eta zenbat erabiltzen dituzten aztertzeko asmoz. Horrez gain,
Iparraldeko egoera eta Hegoaldeko egoera alderatu nahi izan ditugu. Horrela, Norantz
proiektuak eskaintzen dizkigun Iparraldeko hiztunen eta Hegoaldeko hiztunen datuak
estatistikoki aztertu ditugu, Euskal Herrian banakarien erabileran joera berdina ageri den
eta banakarien erabilera antzekoa den ikusteko asmoz. | es_ES |