Euskarazko elkarkari iragangaitzak: lexikoak ala sintaktikoak? (ez baita gauza bera "ikusi gara" eta "ezkondu gara")
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Bilbao Hernández, Kristina
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honetan euskararen egitura elkarkari iragangaitzak aztertuko ditut. Euskaraz, egitura
elkarkari kanonikoak iragankorrak dira eta elkar anafora elkarkariaren bidez eratzen dira,
Mirenek eta Anek elkar ikusi dute esaterako. Alabaina, euren aldean badaude egitura
elkarkari iragangaitzak, anafora gabe sortzen direnak, Miren eta Ane ikusi dira bezalakoak.
Dena den, lan honetan erakutsiko dudanez, euskarazko elkarkari iragangaitz
guztiak ez dira berdinak. Silonik (2012), hainbat hizkuntzatako elkarkari iragangaitzak
aztertu ondoren, batzuk lexikoan sortzen direla proposatu du eta beste batzuk, aldiz,
sintaxian. Hain zuzen ere, munduko hizkuntzetako elkarkari iragangaitzetan ikus daitekeen
aldakortasuna Hiztegiaren edo Sintaxiaren parametroa (ing. Lex(icon)-Syn(tax) parameter)
deritzon parametro baten bidez azaltzen du.
Silonik (2012) honako ezaugarri hauek dakartza elkarkari lexikoak eta elkarkari
sintaktikoak bereizteko: i) elkarkari lexikoak berez elkarkariak diren aditzekin sortzen dira,
sintaktikoak ez bezala; ii) elkarkaritze sintaktikoa prozesu emankorra da; iii) elkarkari
sintaktikoek datiboa agertu ez arren akusatiboa agertzea onartzen dute; iv) Ezohiko Kasu
Markapena (ing. Exceptional Case Marking) duten aditzekin posible dira elkarkari
sintaktikoak, lexikoak ez bezala; v) elkarkari sintaktikoak osatzen dituzten aditzek kideko
iragankor bat daukate, lexikoek ez ezinbestean; vi) elkarkari lexikoek lokuzioak (ing.
idioms) direlakoak sortu ditzakete eta aldaketa semantikoa (ing. semantic drift) jasan
dezakete, sintaktikoek ostera ez; vii) aditz-izenak buru dituzten perpausak ez dira elkarkari
sintaktikoekin bateragarri, elkarkari lexikoekin baino, eta viii) elkarkari lexikoek soilik sor
ditzakete elkarkari etenak (ing. discontinuous reciprocals) (Dimitriadis 2004).
Ezaugarri hauek kontuan izanik, nire hipotesia da euskarazko elkarkari iragangaitz
asko sintaktikoak direla, aditz gutxi batzuekin elkarkari lexikoak ere badauden arren. Hain
zuzen ere, Silonik (2012) ikusi du elkarkari sintaktikoak dituzten hizkuntzetan elkarkari
lexiko batzuk ere egon daitezkeela eta ez, aldiz, alderantziz.
Horrez gain, elkarkari iragangaitzek galdera teoriko interesgarri bat erakusten dute.
Perpausak agerian argumentu bakarra du egitura hauetan, baina bi errol tematiko esleitu
behar dira, egilea eta gaia, alegia. Silonik (2012) arazo teoriko honi azalpen bi eman
dizkio, elkarkariak sortzen diren gramatikaren atalaren arabera, eta nik euskarara ekarri
ditut. Batetik, elkarkari lexikoetan paketatzea (ing. bundling) (Reinhart eta Siloni 2005;
Siloni 2012) deritzona proposatu du. Bestetik, elkarkari sintaktikoetan errol tematikoak
parasitikoki (ing. parasitic assigment), (Siloni 2012) esleitzen direla defendatu du