Euste fisikoen eta mekanikoen erabilera ekiditeko alternatibak: literaturaren berrikuspena
Fecha
2023-06-22Autor
Altuna Sarriegi, Saioa
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Osasun mentaleko zerbitzuetan neurri murriztaileen erabilera oso prebalentea
da eta gure gizartean haien erabileraren inguruan eztabaida kliniko eta etiko zabala dago.
Osasun Mundu Erakundeak praktika hauek hainbat giza-eskubide urratzen dituela adierazi du eta Nazio Batuen Erakundeak praktika murriztaileak tratu txar eta tortura gisa
identifikatu ditu. Are gehiago, eusteen erabilerak pazientearengan nahiz osasun-ekipoarengan ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak eragiten ditu.
Helburua: Azterlan honen helburu nagusia ospitaleratuak dauden eta gaitz mentala duten
pazienteetan eusteen erabilera eta haien aurrean dauden alternatibak errebisatzea da.
Metodologia: Descriptores en Ciencias de la salud eta Medical Subject Headings hitz-giltzarriak, gako-hitzak eta terminologia librea aukeratu dira eta Patient, Intervention,
Outcome egituran oinarrituz, literaturaren berrikuspen bat egin da. Horretarako, bilaketa-estrategiak erabiliz Pubmed, Biblioteca Virtual de la Salud eta Web Of Science datu-baseetan eta meta-bilatzaileetan artikuluak bilatu dira. Horrez gain, informazio osagarri
gisa eusteen erabilera murrizteko hainbat protokolo eta gida erabili dira.
Emaitzak: Osasun-taldeak eta pazienteek eusteen erabilera esperientzia traumatiko eta
inbaditzaile gisa deskribatu dute eta hauek eragiten dituzten ondorioen jakitun dira.
Eusteen erabileraren aurrean proposatutako alternatiben artean harreman terapeutikoa,
pazienteak aktibitate ezberdinetan parte hartzea, haren gaixotasun prozesuaren parte-hartzaile aktiboa izatea eta inguru seguru bat ziurtatzea izan dira. Oro har, eusteen
erabilera murrizteko programak azaldu dira. Bestalde, alternatiben inplementazioan
erizaintzak rol garrantzitsua du.
Eztabaida: Osasun-profesionalek eta pazienteek proposatutako alternatiba gehienek bat
egin duten arren, haien eraginkortasuna aztertzeke dago. Horrez gain, haien
inplementazioan hainbat oztopo eta hobetzeko atal aurkitu dira. Halaber, eusteen
erabilera murrizteko programak eusteen erabileraren murrizketan eraginkorrak dira.
Ondorioak: Praktikarik aproposena eusteen ezabapena den arren, gaur egungo neurriekin
osasun-langileek haien erabateko ezabapena ziurtatzea ezinezkoa dela ondorioztatu dute. Gainera, eusteen erabileraren aurrean dauden alternatibak inplementatzerakoan osasun-ekipoaren heziketa eta kooperazioa ezinbestekoak direla aztertu da.